Boluntarismotik haratago, nor bakoitzaren ur tanta


Berriki Karmelo Ayestaren  Goza daiteke gehiago, Euskaldun baten hizkuntza-bidaia liburua irakurri dut. Lehen ezustekoa automobilgintzan urtetan aritu eta orain enpresa aholkulari den batek gure hizkuntzaren erabilpenaz egiten duen hausnarketa originala. Gehinetan  beste arlo batzuetako jendearen zeregina bezala ikusi izan dugu, hala nola Patxi Baztarrikarena; baina Karmelok  argi uzten du hausnarketa horretarako beste  bidezidor batzuk ere badaudela, atseginak  gainera. Atseginak diot,  ez ia atal guztiak Groucho Marxen esaldi genial batekin hasten dituelako- gauza ez oso ohizkoa euskal liburuetan- baizik eta bere buruan jira-biraka darabilen pentsamendua  lausorik gabea delako.

Abiaburu  esanguratsua hartzen du: " Ohitura aldaketa eta hobekuntza pertsonal guztiak antzeko prozesu aren bitartez buru daitezke"(5.or) Idazleak, segur aski bere esperientzia pertsonalean oinarrituta, hizkuntza-jokabidea aldatzea gozabide bilaka dadin, motibazioa, integritatea, erantzukizuna...aipatzen  eta garatzen ditu. Ez dago dudarik gaiari  hasiera-hasieratik heldu nahi diola eta irakurlea hausnarketa-lagun egin nahi duela.


Garatzen duen haritik tiraz, behin baino gehiagotan geratu naiz liburua altzoan, hatz-erakusleaz irakurtzen ari den  liburuko orria mantendu eta  irakurritakoaren meditazioan. Izan ere, Euskal Herrian azken 40 urteotan gure hizkuntza  punta.-puntako kezka izan dugu. Hor sartu ditugu auzolanean  hainbeste ordu: euskara ikasteko  eskola-ikastoletan metodoak landu, helduentzat  bideak zabaldu, Bai euskarari, Korrika.... Halere, euskara buruan daramagunak  gero eta gehiago izanda ere, kalean ez ei da gehiegi entzuten. Karmeloren lerro bakoitzean horri erremedio bat jarri asmoa nabaritzen dut; nire baitan ere kezka horrek  halako sentipen arraro bat sortzen dit barnean...

Hitzik gabeko elkarrizketa bat lotu dut idazlearekin: hark ematen dizkidan arrazoiak baliagarri ikusten ditut maila pertsonal batean. Ez bat, ez bi, asko ezagutzen ditut euskarak liluratu eta  gozamen hutsa dutenak euskaraz hitz egitea.


Baina ingurumariaren  esperientzia ere hor daukat: ikastolan euskaraz oso ongi ikasi, unibertsitateko ikasketak euskaraz egin,  euskararen aldeko sentimendu bat  golkoan itsatsita eraman eta halere  lagunartean, kalean, lanean...hitz bat gure hizkeran ezin erdituz geratzen direnak.

Hizkuntz egiturak, ekonomia egiturak eta gure arteko beste egitura asko bezalaxe, inertziaren indarrak menderatzen ditu. Eta horren aurrean  jarrera pertsonalak  ez dira  guk uste bezain eraginkorrak. Askotan enztun izan duguna: munduko langile guztiak elkar hartuta egungo ekonomia sistema kapitalistaren aurka altxatuko bagina...Baina hemen ere balizko urak ez du errotarik mugitzen.


Karmeloren liburua baino egun batzuk lehenago amaitu nuen Jon Sarasuaren  Hiztunpolisa. Agian nire hausnarketa  liburu bi horien eraginpean kateatuta dabil, ez kontrajarriak direlako,  hildo ezberdinak markatzen dituztelako baizik. Iraganeko une batean ikasi genuen  gizakiaren pentsamendua  tesis,antítesis eta síntesis  jardunean garatzen dela.


Nire ustez, Karmeloren liburua bide horretan alboan edukitzeko modukoa da. Hiztunpolisak boluntarismotik haratago zerbait  berria imeginatu beharra plazaratzen badu, Karmelok nor bakoitzaren ur tantaren premia azpimarratzen duela iruditzen zait. Kontrajarriak? Elkarren osagarriak. Ez dakit,bizitzako gauza asko bezala "hau ala bestea" eta "hau eta bestearen" arteko eztabaidan utziko dugu.

Nik behintzat gozamena sentitu dut  liburuxka hau irakurtzean. Freskoa eta gardena.

Mikel Arginarena

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Idatzi hemen zure iritzia, hausnarketa edo ekarpena.