Surfing euskeraz


Kaixo Karmelo,

Zure liburua eskertu nahi nizuke. Uda aprobetxatu dut zure liburua irakurtzeko, Bakioko hondartzan, olatuak entzuten ditudanean. Hemengo surfistak olatu hoberen zain daude, baina zuk azaltzen duzun bezala, edozein olatu aprobetxatu behar da euskara erabiltzeko…eta gozatzeko.

Ondo izan,
Josu Arrospide

Gogoa berotzeko moduko mezu bat


Amaitu berria dut zure liburua eta eskerrak eman nahi dizkizut.
Asko gustatu zait , gozatu eta ikasi egin dut. Esperientzia zoragarria izan da.
USAn nago oporretan anaia hemen bizi delako. Westhampton  Beach-en erabaki nuen zure liburua irakurtzea, Euskal herritik kanpo horrelako gauzak gehiago sentitzen dira eta.
Horrela izan da eta pozik nago. Beste egunean Mall handi batean nire lehen esperientzia izan nuen, zure bideari jarraituta. Euskal selekzioaren kamiseta neraman. Hurbildu zitzaidan emakume bat bere alabarekin, nire shirt seinalatzen eta gaztelania txarrez galdezka. Nik alabari begiratu eta euskaraz erantzun nuen, eta horrela jarraitu zen elkarrizketa.
Beno, ba bihotz bihotzez mila esker eta nire acknowledgement handiena.
Aio

Autokritika eta jarrera positiboa. Gure esku dago

 
Zure liburua pasatu zidaten  eta esan behar dut oso interesgarria iruditu zaidala. Hausnarketa sakona egiten duzu euskararen erabileraz eta erabiltzeko edo ez jarreraz. Nik bi gauzarekin geratu naiz: bata, autokritika egiten duzula  -bazen ordua, ohituta gaude gure egoeraren errua besteei botatzen, baina euskaldun guztiok gure aldetik ahal dugun guztia jarriko bagenu..., guztion urte hasierako proposamen hori izango balitz...; Eta bigarren ideia  da jarrera, orain dela gutxi irakurri nuen  Victor Küppersen liburu bat bizitzan daukagun jarreraz, gure esku dago bizitzaz gehiago disfrutatu ala ez; eta zure liburuan gauza bera ikusten dut: jarrera hori euskararen erabileraren kontura ere hedatzea.

Liburu interesgarria ez ezik,  praktikoa ere iruditzen zait , eta niri pasatu didaten bezalaxe, neuk ere katea jarraituko dut. Gure esku dago.
Eskerrik asko aire bufada horiengatik.
Arantza