Txantxangorria Amazonian laster
Zer
ikusi, hura ikasi. Arrakasta itzela dauka El
Conquistador programak. Bururatu zitzaidan reality horretako hizkuntz portaera behatzea eta euskararen
erabilera neurtzea. Espero zitekeen gazteen %35k baino gehiagok noizbait
jardutea euskaraz programan. Izan ere, Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEn,
gazteen %22k erdara beste edo gehiago erabiltzen du euskara, eta beste % 13k
erdara baino gutxiago, baina, noizbehinka, erabili egiten du euskara.
Nahikoak
izan ziren programaren lehen hamabost minutuak behaketa amaitzeko. Tarte
horretan, inork ez zuen euskaraz berba egin. Hutsaren hurrengoa da euskararen
erabilera realityan. Euskaraz entzundako
hitz bakarrak “Egun on” eta “lasai” izan ziren. Ikerketa soziolinguistikoa egiteko moduko
egoera da realityan ikusten dena: labeleko
gazte euskaldunak, txapela buruan eta ikurrina eskuan, erdara hutsean aritzen
dira euren artean.
Elebakartasuna
eta euskararen ukazioa, hori da ETBko El
Conquistador reality ezagunak transmititzen duen hizkuntz eredua. Eraginkorra
da horretan realitya. Hizkuntz eredu
hori normala izango balitz bezala hedatzen du lau haizeetara: 500.000 ikusle,
31.000 jarraitzaile Facebooken, trending
topic Twitterren. Arrazoi batzuk egongo dira horretarako, eta aitzakiak
asko. Baina hori ez da, ez gure gizartearen isla, ez zabal onartuta eta
adostuta dauden hizkuntz portaerak.
Patxi
Baztarrikak eta Iñaki Martinez de Lunak azaldu dute oraintsu zer hizkuntz
portaera babesten duen gizarteak: “euskaldunek nahi duten lekuetan euskara
erabiltzeko aukera izatea”, ados %87; “erdaldunek, euskara ez ulertu arren,
onartu behar dute euskaldunek elkarren artean euskaraz egitea”, %71 ados;
“ahaleginak egin behar dira euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen,
ez bata bestearen gainetik”, 75% ados.
Elebakartasuna
eta euskararen ukazioa ez da hemengo
estiloa. Euskal gizarteak aniztasuna, berdintasuna eta errespetua lehenesten
ditu, eta Europak ere bai. Europak “txartel gorria” atera zion Espainiako
Estatuari ez dituelako betetzen gaztelania ez diren
bertako gainerako hizkuntzak babesteko eta sustatzeko konpromisoak, besteak
beste hedabideetan. Txartel gorria eta lau partidako zigorra jar
dakizkioke El Conquistador programari, baina horrek ez du ezer konponduko.
Hona hemen hiru proposamen zehatz
programaren hizkuntz eredua aro berrira egokitzeko: lehena, El Conquistador programak gizartean
zabal adostutako hizkuntz portaerak sustatzea, besteak beste, euskara eta
gaztelania maila berean egon daitezen, eta ez bata bestearen gainetik; bigarrena,
parte-hartzaile euskaldunei zuzenduta, euren hizkuntzan: obarioak/potroak zintzurrean, ala? Euskaraz, ostia!; Azkena, batez
ere euskal hiztunoi dagokiguna, agerian jartzea iraungitako hizkuntz portaera baztertzaileak,
eta horiek aldatzeko elkarlana sustatzea. Aro berrian, jokabide berriak.