Euskara  eta aniztasuna
( INFO7 Gureaz Blai saiorako)

Familiako bazkaria izaten dugu asteburu askotan, eta bertan euskaldun zaharrak eta berriak biltzen gara, baina elkarrizketa gaztelaniaz izaten da gehienetan, euskaldun berri batzuk ez baitira gauza  euskaraz ahoa zabaltzeko. Ez da harritzekoa: senide bat, euskaldun zaharra bera, beti dago erne, eskopeta kargaturik, lehen gerundioa noiz pasatuko:
·      Bazkalchen! Chen! Euskera ya habrás aprendido pero… Tienes que aprender a decir tzzzeee. Mira es fácil, la lengua...

Hurrengo bost minutuetan, tze ahoskatzeko tesi ezin adierazgarriagoa jasan behar izaten dugu, baina, bitxia bada ere,  erdara hutsean.

Euskaldun batzuek uste dute euskaldun perfektua izan behar dela euskaraz hitz egiteko, eta gurago dute erdara euskaldun inperfektuaren euskara baino. Aurreiritzi horrek mesede eskasa egiten dio euskararen erabilerari. Perfekzioa eskatzeak ez du gure hiztun-komunitatea indartuko, zeren perfektu-perfektua inor ez da hemen.

Perfekzioa beste modu askotara ere eska daiteke. Esaterako, pentsa daiteke euskaldun perfektua izateko ideologia jakin batekoa edo tribu konkretu batekoa izan behar dela, edo, osterantzean, hobe dela erdara erabiltzea. Iritzi horrek ez dio onik egiten euskararen erabilerari. Ideologia eta tribu zehatz horiek, gainera, norberarenak izan ohi dira gehienetan, eta, beraz, uniformetasuna izaten da hiztun-komunitatean sartzeko jarri nahi den baldintza.

Urte askoan kanpotik jasan dugun homogeneizazio-ahaleginak  astarnak utzi ditu gurean.  Sano barneratuta dugu askok indartsu izateko uniformea eta homogeneoa izan behar dela. Horrexegatik eskatzen dugu, gurean ere, uniformetasuna. Aditu askok, ostera, aurkakoa diote: aniztasunean datzala indarra.


Iritzi horretakoa naiz ni ere. Euskararen aldaera guztiek euskara joritzen duten era berean, hiztun-mota guztiek aberasten dute gure hiztun-komunitatea. Euskararen mundua ez da hedatuko aniztasuna sustatu ezean,  eta bereizkeri mota guztiak (bai linguistikoak, bai politikoak eta bai ekonomikoak) baztertu ezean.

Txerra Rodriguezek idatzi zuen euskalgintzarentzat nahiko lituzkeela  feminismoak azken urteotan izan duen bizitasuna, konplexutasuna eta intuizioa. Iritzi berekoa naiz ni. Horregatik dakart hona Uxue Alberdiren bertsoa. Lehen puntua emateko, emakume zioen lekuan euskal-hiztun jarri dut, besterik ez.

Euskal hiztun zuzenak,
okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta
zerrama irtenak,
itsusiak, politak,
atletak, herrenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.


Langileak, alferrak,
lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak,
klaseko lehenak,
ale desegokiak,
andre txit gorenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.