INFO7 Irratian, Gureaz Blai saioan
Oskorriren despedidea


Uda ostean ideia asko izaten ditut buruan, baina lanera itzuli eta lauzpabost egun nahikoa izaten dira hankak lurrean jartzeko. Makina bat ideia eta asmo on geratu zaizkit bidean. Zeregin asko burutu nahi ditut batera, eta, aldi berean,  helburu asko lortu.

Baina zenbat eta helburu gehiago, orduan eta emaitza gutxiago. Eskarmentuak irakatsi dit eguneko zereginetan xahutzen dela denbora eta indar gehiena, eta energia gutxi geratzen dela asmo berriak gauzatzeko. Beraz, hobe da asmoei banan-bana ekitea. Horregatik hasi nuen iraila asmo nagusi bat aukeratu nahian.

Oskorriren despedidara joan nintzen irailaren lehen igandean, Getxora. Oskorrirekin zorretan nago eta eskerrak ematera joan nintzen hara. Haurtzarotik izan ditut alboan, etxekoen artean, euskal arima berpizten eta hezten: alaitasunez batzuetan eta tristuraz besteetan, baina beti  samurtasunez.

Ohi bezala, ostera, nik eman niena baino askoz gehiago jaso nuen Oskorriko musikariengandik, eta kontzertutik indarberrituta atera nintzen.

Oskorrirekin batera abestu genuen denok: Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz eta hortara goaz; eta soseguz galdetu genion albokoari ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena? Zaila da une horretan sentitu nuena adieraztea: lagunarteko konplizitatea, enpatia, konpromisoa...

Gogoratu nuen integritatearen gainean idatzi nuena liburuan: euskaldunak garela esan, baina euskara erabiltzen ez badugu, esana eta izana ez direla bat etorriko; eta esaten dena egitean datzala sinesgarritasuna; eta  euskarak egiten gaituela benetako eta sinesgarri, bestela, itxurakeriek eta gezurrek ez gaituztela urrun eramango.

Abestia bukatzean, eskuak gorritu arte jo genizkion txaloak  Oskorriri, edo, agian, txaloak guretzat ziren, jende aurrean, behingoz, ozen esateagatik pentsatzen eta sakon sentitzen dugun hori.

Oasi euskaldunista hartatik irten eta taberna batera joan ginen, ilusioz beterik. Oskorri kantaka ari zen artean nire buru barruan, eta irailerako asmoa argitu zitzaidan: Zabal bideak eta aireak, gure hizkuntzak har dezan arnas. Tabernako giro erdaldunak eraginda edo, disko-jogailuaren orratzak Ezpatadantza gerra-kantura egin zuen jauzi: ez gaitezen sekula gerta geure etxean arrotzak. Ikasturte honetarako lehen asmoa argituta eta azalduta, mezu hau idazteari ekin nion.

Agian zu, entzule, euskaraz bizi zara jada, edo, beharbada, nik bezala, nahiko zenukeena baino gutxiago erabiltzen duzu euskara. Horrela bada, animo, entzun Euskal Herrian Euskaraz abestia; eta motibazio-txute handiagoa behar baduzu, ez galdu Oskorriren hurrengo despedidea.

Eskerrik asko, Oskorri.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Idatzi hemen zure iritzia, hausnarketa edo ekarpena.