Paulo Iztuetaren hausnarketa Goza daiteke gehiago liburuaren gainean

Karmelo Ayesta egilea bere liburuarekin etorri zitzaidanean, “nola zatoz guregana?” galdetu nion. Nik ez dakit irakurria zuten ala ez beren eskuetan izan zutenek, agian bai agian ez, baina urre pitxi bat galdu zuten. Bere txikian ez baitu ezer galtzekorik. Zer pentsatua ematen duten hainbat eta hainbat pasarte dakartza. Eta guztia herri-hizkuntzatik jasotako euskara gozo, argi eta dotorean. Irakurtzean garai batean hainbeste gozatu izan nuen Arratiako berbeta sendoa zetorkidan gogora, mendi-usainez gantzutua.
Karmelok, antza, ez dauka bere burua idazletzat, ez omen du literatur testu bat idatzi, baina eman duen mezua literaturazko prosa batean eman du. Izan ere, askotan ahazten dena, liburuak egiten du idazle, ez soilik izenak.
Izenburuak berak iragartzen duen bezala, nola ez bada, euskara erabiliz, mintzatuz, “goza daiteke gehiago”, mila bider gehiago. Bere herri-mailako bizipenak jasoz eta, bidenabar, iturri gehienbat ingelesak aipatuz, handik eta hemendik euskaraz jarduteko arrazoiak pilatzen dator, batzuetan euskaldunon zabarkeria agerian jarriz, gure eskuetan dagoena ere egiten ez dugulako, eta beste batzuetan, berriz, euskararen erabilera hobetzeko proposamenak emanez.  Haren xedea, azken batean, euskaldun zahar eta berriak beren eguneroko bizimoduan, etxean bezala kalean eta lantegian, beren hizkuntza erabiltzera bultzatzea da. Ederki esana. Beharrezkoa dena. Oinarrizko zerbait.
Ikuspegi funtzionalista horrek alboratzen baditu ere hizkuntza guztiek dituzten sakonagoko beste estruktura-alderdi batzuk -egileak, bestalde, ondo ezagutzen dituenak-, saio honek ez du batere interesik galtzen euskararen egungo egoerari buruz egiten duen diagnosian eta proposatzen duen terapian. Gure eskuetan dagoen guztia egin dezagun, saia gaitezen amorratuki, aholkatzen digu Baina konbentzi gaitezen, halaber, euskara nonahi eta noiznahi erabilia izan dadin, gurean erdaldunduak dauden gizarte-egiturak ere euskaldundu beharra. Gaurdanik hasita.  Hor hizkuntzen arteko gatazken mugan sartzen gara eta beldurra ematen digu. Honetaz ere kontzientzia kolektiboa eratzen joan beharko du gure hizkuntza-komunitateak. 

Paulo Iztueta


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Idatzi hemen zure iritzia, hausnarketa edo ekarpena.