Erdalduna enpatiaz hartu behar dugu, baina euskararen aterik muturrean itxi gabe ( INFO7 Gureaz Blai saiorako ) 

Iraupen luzeko lasterketaren antzekoa da euskalduntzea, Behobia-Donostia lasterketa edo Quebrantahuesos baino askoz luzeagoa. Energia ondo erabiltzea ezinbestekoa da helmugara hurbiltzeko. Euskalduntzeko lasterketan, oztopo asko topatuko ditugu bidean. Nik batzuei zulo beltzak esaten diet, euskara erabiltzeko daukagun energia guztia xurgatzen dutelako.
Funtsezkoa da zulo beltzak ezagutzea eta saihestea, energia alperrik galdu nahi ez badugu. Zulo beltz mota bat osatzen dute euskararen gaineko aurreiritzi faltsuek, euskara erabiltzeko gogoa kentzen baitigute.

Aurreiritzi faltsu asko gaindituta daude dagoeneko; esate baterako, hizkuntza bakarra (gaztelania, noski) erabiltzeko gauza diren medikuak profesionalagoak direla eleanitzak baino, profesionaltasuna eta euskara bateraezinak balira bezala. Gehienok badakigu egia  kontrakoa dela: eleaniztasuna eta profesionaltasuna lotuta doazela gehienetan.

Baina beste aurreiritzi ustel batzuk sakonago sustraituta ditugu.
Asteartean, lagun baten urtebetetzea ospatu genuen, herriko pub batean. Bildu ginenen artean, asko ziren erdaldun elebakarrak eta erderaz izan ziren gure elkarrizketa ia guztiak. Kuadrillako lagunekin solasean ari nintzenean, ezagun bat hurbildu zitzaidan eta euskaraz hitz egiten hasi ginen, bion arteko kontu bati buruz. Kuadrillatik pausu bat urrundu ginen, intimitate bila edo. Gure kontua bukatuta, euskaraz hitz egiten jarraitu genuen.

Elkarrizketetan, konturatu gabe, mugitzen hasi ginen, eta kuadrilla-lagunei begira jarri ginen berriro, haiekin batzeko asmoz edo. Orduan, portaera linguistikoa aldatu genuen eta nahasmendu bipolarrean murgildu ginen: kuadrillakoren bat hurbilduz gero, erdarara pasatzen ginen; kuadrillakoak pausu erdi atzera eginez gero, ostera, euskarara itzultzen ginen berriz. Egoera barregarria benetan.

Portaera horrek gogorazi zidan sakon barneratuta daukagula aurreiritzi faltsu bat: euskaraz egiten ez dutenen aurrean, erdaraz egin behar dugula beti, ongi heziak eta adeitsuak izan nahi badugu.
Egia da enpatiaz hartu behar dela erdal hiztuna; baina euskal hiztunak ere (norberak barne)  enpatia berdina merezi du. Askotan, beste euskaldun batzuk izaten dira elkarrizketan, eta, erdaraz hitz eginda, guk geuk egiten diegu nekezago euskara erabiltzea. Hori gertatu zen, esaterako, gure kasuan. Bestalde, jokabide horrekin, erdal hiztunei  ukatu egiten diegu euskal hiztun-komunitatean integratzea; atea zabaldu beharrean -euskara ikas dezaten eta euskararen munduan integratu daitezen- muzturrean ixten diogu. Horixe bera egin genien guk kuadrillako lagun batzuei.

Huts-egitetik ikasi beharra dago, euskalduntze bidean aurrera egin nahi bada. Asteburu honetan daukat aukera ederra ikasi dudan hori praktikan jartzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Idatzi hemen zure iritzia, hausnarketa edo ekarpena.