Liburuaren gaineko iritzia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Liburuaren gaineko iritzia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

Surfing euskeraz


Kaixo Karmelo,

Zure liburua eskertu nahi nizuke. Uda aprobetxatu dut zure liburua irakurtzeko, Bakioko hondartzan, olatuak entzuten ditudanean. Hemengo surfistak olatu hoberen zain daude, baina zuk azaltzen duzun bezala, edozein olatu aprobetxatu behar da euskara erabiltzeko…eta gozatzeko.

Ondo izan,
Josu Arrospide

Autokritika eta jarrera positiboa. Gure esku dago

 
Zure liburua pasatu zidaten  eta esan behar dut oso interesgarria iruditu zaidala. Hausnarketa sakona egiten duzu euskararen erabileraz eta erabiltzeko edo ez jarreraz. Nik bi gauzarekin geratu naiz: bata, autokritika egiten duzula  -bazen ordua, ohituta gaude gure egoeraren errua besteei botatzen, baina euskaldun guztiok gure aldetik ahal dugun guztia jarriko bagenu..., guztion urte hasierako proposamen hori izango balitz...; Eta bigarren ideia  da jarrera, orain dela gutxi irakurri nuen  Victor Küppersen liburu bat bizitzan daukagun jarreraz, gure esku dago bizitzaz gehiago disfrutatu ala ez; eta zure liburuan gauza bera ikusten dut: jarrera hori euskararen erabileraren kontura ere hedatzea.

Liburu interesgarria ez ezik,  praktikoa ere iruditzen zait , eta niri pasatu didaten bezalaxe, neuk ere katea jarraituko dut. Gure esku dago.
Eskerrik asko aire bufada horiengatik.
Arantza

Erantzukizuna, sarea eta familia barruko transmisioa


Joan den astean Bartzelonara joan ginen egun batzuk pasatzera. Trenez egin genuen joan-etorria eta nik joaneko bidaian amaitu nuen zure liburua, tirada batez. Idatzizko apunte ugari ere hartu nuen, nire buruan dauden ideia, esperientzia, sentipen asko eta asko zuk paperera ekarri dituzulako, era jostagarrian ekarri ere.
Liburuaren gehiena nork bere aukera, erabakia, erantzukizuna duela arrazonatzen, frogatzen osatu duzu. Guztiz ados nago. Pentsa nola aldatuko litzatekeen Arrigorriaga, adibidez, euskaldunok urte hasierako asmo horien artean liburuan aipatzen dituzun helburu lorgarri horietako bana jarriko bagenu erronka moduan...

Baina euskaraz bizitzeko, euskaldun bakoitzaren esku dagoena egiteaz gain, sarea osatu behar dugu: "sarea", liburuaren bigarren zutabea, niretzat guztiz funtsezkoa. Auzolanak talde sena handitzen du, elkar igurtzeak loturak sendotzen ditu eta batera egindakoak dakarren arrakastak poztasunez betetzen du bihotza.

Kritikatxo bat egin behar dut (irakaslea naiz, badakizu, zuzentzen ohituta...). Ideia batzuk liburuan errepikatuta daudela iruditu zait, inpresioa da besterik ez (gustatu zaizkidanak bakarrik hartu ditut apunteetan...). Baina agian nahita egidako "errepikapena" da, ezta?

Argazkian gure alaba duzu, June, 12 urtekoa eta asko-asko-asko irakurtzen duena. Asertibitateari buruzkoa irakurtzeko esan nion trenean eta amaitu zuenean, "oso interesgarria", esan zidan. Eta gominola bat hartu zuen, bidaia gozatzeko...

Lanean ere alda daitezke hizkuntza-ohiturak

Hernanitik jasotako email ederra 



 
Kaixo, Karmelo

Aldez aurretik, mila mila esker egin duzun lan bikainagatik. Ez dakizu niretzako zein inportanteak diren zure ekarpenak.
Hernaniko Udaleko hizkuntza normalizatzailea naiz eta momentu honetan udaleko langileekin (funtzionarioekin) martxan jarri dugun ekimen baten berri eman nahi dizut, labur-labur.

Zortzi erakunde (Gipuzkoako Foru Aldundia eta zazpi udal: Hernani, Andoain, Errenteria, Zarautz, Donostia, Irun eta Bergara) elkartzen hasi ginen 2011n, guztiok genuen kezka honi erantzuteko. Gure udaletan udal langile euskaldunek gaztelaniaz hitz egiten dute lanean ari diren bitartean.

Bi urte luzez aritu gara elkarlanean eta egitasmo bat diseinatu dugu, “lanlekuan ahozko harremanak euskalduntzeko egitasmoa”, eta martxoan hasi gara zazpi erakundeetan (Bergaran izan ezik), langileen hizkuntza ohituretan eragiteko. Emun-eko teknikari bat izan dugu gidari.

Lan handia egin dugu (diskurtso bat sortu, gogoeta saioak prestatu, hizkuntza ohiturak aldatzeko “dinamika” bat asmatu, dinamikaren inguruko jarraipena nola egin, materiala sortu...) eta juxtu orain, martxoan, hasi gara erakundeetan inplementatzen. Hernanin 10 langilerekin hasi gara lanean, ahozko hizkuntza ohituretan eragiteko.

Dinamikarekin hasi ta egun gutxira zure liburua deskubritu nuen. Bertan aipatzen dituzun kontu pila bat oso baliagarriak izan dira Hernanin egiten ari garen lanerako.
Adibide bat. Ostegunean hamar langile horiekin saio bat izan nuen eta egun horretan bakoitzak zehaztu zuen zein helburu lortu nahi zuen. Gaur goizean youtuben horren inguruko zure bideoa topatu dut. Langileei lotura hori pasa diet beraiek ere ikus dezaten. Alegia, beraiekin ostegunean landutakoa indartzeko primeran etorri zait. Zure liburua behin eta berriz aipatzen diet.

Benetan, ez dakizu zein momentu aproposean egin dudan topo zure liburuarekin, bideoekin... Pista asko ematen dizkidazu esku artean dudan erronka honetarako.
Ez naiz zu bezain idazle trebea eta kosta egiten zait paperean idaztea bihotzean sentitzen dudan poxa. Ez nuen zu zoriontzeko aukera hau galdu nahi.

Berriz ere, mila esker.

Bihotzetik idatzitako emaila, liburuak  jaso dezakeen saririk onena


Ane naiz, bilbotarra, 14 urterekin euskalduntzen hasi nintzen, 18 urterekin euskal hiztuna izateko hainbat harreman sortzen hasi nintzen; ama euskaldun zaharra eta etxeko beste guztiok gaztelania ama-hizkuntza; senide eta lagun asko euskaldundu zirenez hainbat harreman euskeraz izatea erabaki genuen, beste honenbeste gaztelaniaz mantentzea erabaki genuen; lagun talde polita gaztelaniaz, euskera ez dakitelako; lagun talde polita euskeraz, euskaldunak garelako; lankide guztiak euskaldunak; eta Alberto bizikidea, senarra, 30 urte euskaldundu nahian.

Hori guzti hori pote batean sartu eta zuk zeuk liburuan plazaratzen dituzun kezkak, nahiak, bizipenak eta burutazioak bizi izan ditut. Baina zure liburuan koktel horri bizigarria ipini diozu: errespetua, enpatia, asertibitatea, integritatea, ulerkortasuna eta ulergarritasuna.

Nire koktel horretan bi osagai falta ziren, oso funtsezkoak biak: Albertorekin euskeraz bizi izatea eta Bilbon euskeraz bizi izatea. Sarritan saiatu naiz bietan aurre egiten, baina amorraziotik abiatzen nintzen, haserre egoten nintzenean ondokoek, eurek, euskeraz hitz egiten ez zutelako. Abiapuntu horretatik ez nuen erantzun egokirik jasotzen, eta atzera egiten nuen egoera berriro jasanezina izan arte.

Horrela ibili gara, saltoka, 30 urteotan, "esan eta izan" bateratu ezinik.

Asteburu honetan, kotxez gindoazela Gipuzkoatik, lurralde mendetsu eta berdeak zeharkatzen, Alberto gidatzen eta ni zure liburua irakurtzen, ozenki irakurtzen hasi nintzen. Nik neuk ez nuen ezer gehitzen zeuk idatzitakoari, Albertok esaten zuen:" me recuerda a los libros de autoayuda... un poco, pero bien dicho" "ahora me recuerda a Erich Fromm y sus teorias sobre el miedo a la libertad", "eso me recuerda a las charlas sobre mejora empresarial"... Nik bitartean hizkuntzarekiko loturak aztertzen nituen aditasunez.

Liburua irakurtzen amaitu nuen/genuen etxeratu baino lehen eta azken kilometroetan Albertok errepikatzen zuen: "esan eta izan" behin eta berriro. Bitartean isilik nengoen (zure liburua irakurri ondoren neuk ere jarrera eta portaera aldatu behar nituela ikasi nuen).

Etxeko atea zabaltzeko Albertok galdetu zidan "giltza daukazu?" Nire betiko sasi hitzaldirik eman gabe, euskeraz segitu nuen. Horrela amaitu zen asteburua, ni euskeraz aritzen nintzen eta Albertok euskera eta gaztelania tartekatzen zituen. Afaltzen geundela galdetu zidan: "tu tambien has decidido pasar 8 horas al dia en euskera?" Ez, hori askotan egiten dut, baina axola zaizu nik euskeraz hitz egiten badut zuri ezer eskatu gabe? Eta ulertzen ez duzunean esadazu, horrela nik astiroago, errazago edo gaztelaniaz esateko."

Ordura arte sarritan saiatu ginen harremana euskeraz egiten, baina nire jarrera oso ezezkorra, exijentea, derrigorrezkoa, malgutasun gutxikoa zen. Lau egun pasa dira, lau egun zoriontsu biontzat "esan eta izan" bateratzen saiatzen ari garelako.

Horrekin batera, Bilbon hiztun aktiboa izateko ahaleginak egiten ari naiz: medikuaren kontsultan, tabernetan, dendetan... Errazagoa egiten zait ezagutzen ez nauten tokietan euskeraz aritzea: oso erantzun baikorra jasotzen ari naizenez, agian aurrerago helburua zabalduko dut eta...

Ez dakit oso ondo zer idatzi dizudan, ezta nola idatzi dudan. Baina bihotzetik idatzi dizut.

Alberto eta Aneren partez mila esker zure liburu txiki horrek gugan aldaketa handia piztu digulako, eta euskaldun baten hizkuntza-bidaian goza daitekeela gehiago erakutsi digulako.

Eskerrik asko Arrigorriagako Anari zure liburua nire esku artean ipintzeagatik: "tori liburu hau, ea bertan topatzen dituzun burutazioak zuk ere inoiz izan dituzun".

Neuk ere liburua erosi, oparitu eta katea luzatzen jarraituko dut!!

Irakaskuntzatik iritzia. Koherentzia


Gabon Karmelo!

Oraintxe bertan amaitu dut liburuaren irakurketa eta jarraian jarri naiz idazten.

Alde batetik guztiz, identifikatu naiz zure hausnarketarekin. Irakaskuntzan ari naiz, psikopedagogoa naiz, eta orientazio esparruan dihardut. Liburua irakurtzea oso erraza egin zait, zuk erabiltzen dituzun kontzeptuak eta liburuaren zehar agertzen den metafora (kirola)  dira nik ikasleekin erabiltzen ditudanak. Konprobatuta dut "locus de control" norberarengan jartzen lortzen dugunean aldaketarako lehenengo urratsa ematen dela; ondoren jarrera baikorra, hutsegitearena onartzea prozesuaren ezinbesteko urratsa moduan (helduei onartzea asko kostatzen zaigu!)...helburua zehatzak finkatzea...ez dut jarraituko liburuaren zehar zuk aipatutakoa errepikatzea izango zelako.

Bestaldetik, beste esparru batean ere zeharo identifikatu naiz, koherentziarekin , ahalegintzea norbera izaten era asertibo batean.

Konfesio horren ondoren nire harridura, euskara arloan ez naiz koherentea eta, are txarrago, ez dut aurrera eramaten nire lanean ordu guztietan ikasle, irakasle zein gurasoekin erabiltzen dudan metodoa. Konplexuz beterik nago ( intolerantea izateko beldurrez beterik...).Eskertu behar dizut horretan begiak zabaltzea, ikuspegi zeharo aldatu dit liburuak eta hasteko "bezero profesionala" izateko lehenengo urratsak emango ditut, ondoren lagun taldean egingo dut murgilketa...

[...]Hau da nire barru barruko gogoeta. Eskerrik asko benetan.

Baikorra eta gozagarria



Kaixo Karmelo!

Lehenengo eta behin, zorionak eman nahi dizkizut liburuagatik. Itzela iruditu zait: laburra (neurrikoa esan nahi dut), irakurtzeko erraza, ulergarria (ulertu nahi duenarentzat, behintzat) eta praktikoa.

Euskaldunon artean dagoen egoera ezin hobeto azaltzen duela iruditzen zait, eta euskararen erabileran eragiteko zenbait bide zabaltzen dituela ere bai. Batez ere, norberarengandik hasteko oinarriak argi uzten dituela. Baloiak kanpora jaurtitzeko dugun ohitura horren beste aldea azaleratzen du eta norbere hautuaren berebiziko garrantzia nabarmentzen du.

Zorionez, esan nezake euskaraz bizitzeko ingurunea duen horietakoa naizela; etxean, lagun taldean, lanean... Gehienetan, euskaraz dihardut, eta kontzienteki horrela erabakitzen dudalako, gainera. Baina onartu beharra daukat, askotan euskaldunok daukagun bigarren mailako herritar garenaren konplexua nire hizkuntza hautuan ere, gailendu egiten dela. Liburuan aipatzen dituzun adibide praktiko zenbait eguneroko ogia izan ohi dira.

Hizkuntza bidaia luzea bezain aberasgarria eta positiboa izan daitekeela transmititzen du liburuak eta hortxe ikusten dut gakoa. Euskaldun izaera garatzeko ezinbesteko puntua baita egitearen alde baikorra eta gozagarria helaraztea. Kanpora eta barrura. bakoitzetik hasi behar baitu ondo sentitzeak kanpora ere hori eraman nahi bada.

Liburuari "pega"ren bat jartzearren, kontutxo bat baino ez. Pare bat aldiz aipatzen duzu "hizkuntza menperatu" esamoldea. Behin, irakasle batek aipatzen zidan, hizkuntzak ez direla inoiz menperatu behar; ikasi, erabili, jakin... egin behar direla baina menperatu ez (helburua hori ez baldin bada, noski).

Besterik gabe, eskerrik asko liburua idaztearren eta zure jakituria, esperientzia... elkarbanatzearren. Nire aldetik, euskaldunei liburua irakurtzeko gomendatuko diet inongo zalantzarik gabe.

Ondo segi.

 Argi-ilunak. Beste irakurle baten iritzia liburuaren gainean


 Argi-ilunak ikusten dodaz. Erizten jat,
- batetik, ideia interesgarri askotxo daukazala, ekarpenak, eta aldarrikatzen daben jarrera pertsonala, ahal dan neurrian, imitatzeko modukoa izan leikela, hori guztia kontuan harturik alderdi psikologikora mugatzen dala (ez da neuk gustukoa dodan alderdia),
- bestetik, erizten jat gure garaiko sentipen postmodernoaren isla dala (ez dinot kritikatzearren), alegia, indibidualismoaren poderioz, subjektibista, bai eta psikologista ere (hori aukera bat da, eta zilegia nik uste, lehentxuago esan dodan modura).“

[...]Nire jarrera diferentea da. Kontua da ze, guztiak garrantzia badauka be,  nire ustez, alderdi erabakigarrienak objektiboak dirala (subjektuaren gainetikoak), eta ikuspegi sozio-ekonomiko, sozio-politiko, sozio-kulturaletik aztertu behar dirala.”

[...] liburuan behin eta barriz aldarrikatzen daben metafisika indibidualista, funtsean kristaua hori be (bekatuaren oinarria), zein baita nork bere bidea egiteko askatasuna daula, libre garala, hots, aukeramena (libre albedrio), ez dot nire egiten, ez eztabaidatzen be, neure metafisika desberdina danez gero, eta neure jarrera intetektuala naturalista eta neo-positibismo logikoaren aldekoa. Onartuko neuke nork bere burua pizteko trikimailu baten modura, gezur bital baten modura: pentsatu mundua zure eskuetan dagoala, eta bardin da mundua zertan dan, zuk ekin eta ekin, ez amore emon. Kategoriatik beheratzear dagozan traineruai eta antzeko egoeran dagozanai esaten jaken modura: Aurrera! Onenak gara eta! (garbienak, zintzoenak, kutsatu barikoak, leialenak…)”

[...]Amaitzeko, eta positiboagoa-edo izan guran, sentipen existentzialista-bitalista sumatzen dot zure lagunaren jarreren azpian —hori ere oso modernoa—eta neuk be konpartitzen dot; hala, uste dot sakonean sentipen antzekoak daukaguzala. Gainera, autorearen argudio-bidea trikimailu intelektuala balitz be, proposatzen dauan jarrera, hasieran esan dodan legez, egokia erizten jat. Eta kito.”

Lehenik heuk egin, gero besteei eragin


Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizut Karmelo liburu hau idaztearren. Euskaraz bizi nahi dugun euskaldun- euskaradun- askoren sentsazioak, antzeko bizipenak eta pentsaerak paperean jartzen ederto asmatu duzu. Erabili duzun  bidea – teoria, prozesua, hausnarketa eta adibide pila-  ere asko gustatu zait eta liburua irakurtzen asko disfrutatu dut. Liburu honek, helburua eta bizipenak  aldatuta, bizitzan lortu nahi dugun beste edozertara heltzeko ere balio du!

Euskararen gaiari helduta, bat nator zurekin. Bide bi daude: errua beste denei bota edo norberaren ardura hartu.  “Lanekoek ez dute euskaraz egiten, nire lagun-taldekoek euskaraz ikasi duten arren ez dute egiten, jende gutxik erabiltzen du, politikoek ez dute behar beste bultzatzen…”. Uste dut asko eta asko txiki sentitu izan garela horrelako pentsamenduekin noizbait, munduaren aurrean bakarrik. Urteak daramatzat liburuan aipatzen duzun “lehenik heuk egin, gero besteei eragin” esaldia aplikatzen, euskararen erabilpena eta euskaraz bizitzea neure ardura bezala hartzen, eta frogatuta dago, funtzionatzen du. Erdaldun elebakarrekin ezin da euskaraz komunikatu noski, baina euskaraz jakin bai baina erabiltzen ez dutenekin ditugun harremanak erdaratik euskarara pasatzeko, gaur egun behintzat, norberaren iniziatiba ezinbestekoa da. Jarrera aktibo hau duten askok zera komentatzen dute, “urliarekin eta berendiarekin euskaraz hitz egiten dut, baina eurek euren artean ez dute egiten”. Horrek zera erakusten du, euskaraz bizi nahi dutenek jarrera egokia badute euskarazko harremanak zabal ditzaketela (eta euskaraz hitz egiteko Erakundeek etorkizunean ezarriko duten euskararen balizko normalizazioari, besteek noiz egingo, besteek noiz ikasiko etab. itxaroten daudenek, ez).

Zure liburu honek, Karmelo, responsibility jarrera jende gehiagori (lekuan lekuko urliari eta berendiari) zabaltzea espero dut, bakoitzak ahal duen heinean, kanpoko faktoreei itxaroten egon gabe, bere euskal hiztunen sare hori eraiki dezan. Azkenik aholku bat: gauza serioa den arren, umore onez eta irribarre handi batekin errazago egingo dugu. Aurreiritziak eta konplexuak ahaztu eta gurean esaten den bezala “ekina baragarria duk, baina ezina baragarriagoa”.

Imanol Etxebarria

MAIZPIDE euskaltegiko irakasle eta lagunaren iritzia

Goza daiteke gehiago gozatuz, ikasiz, gauzatuz, hausnartuz… horixe egin dut nik liburuan irakurtzean eta irakurri ondoren. Baina liburua irakurtze hutsak ematen duen gozamenetik harago, Karmelo Ayestak lan honekin euskara, Euskal Herriko hizkuntza, ikasteko eta benetan euskaldun, euskaradun, izateko gako asko eta asko eman dizkigu denok ulertzeko moduan.

Liburuan ondo baino hobeto uztartu ditu Ayesta jaunak teoria eta praktika, batzuen esanak eta besteen eginak, eta horrela lortu du irakurlea, ni, behintzat, bai, irakurketari lotzea, adi-adi irakurtzera; izan ere, lerro guztietan eskaintzen dizkigu egileak, oso egoki, irakasgai  bikainak, lerro guztietan dago zer ikasia, lerro guztiek ematen dute hausnarketarako egokiera eta denoi, gainera; nola euskaraz bizitzeko zoria daukagunoi, hala bide horretan ahaleginean ari direnei ere, eta, zer esanik ez, aginte-postuetan dabiltzan askori, alegia, eredu izan beharko luketenei.

Liburuak arina ematen badu ere, eta irakurterraza da, aldi berean, oso sakona da, eta hori erdiestea ez da erraza, hau da, bi gauzak batera lortzean, arintasuna eta sakontasuna, horretan ederki asmatu du Ayestak. Sarreratik hasi da lezioak ematen eta lehen atalean, nire ustez,  dago oinarria, “printzipioetan” hain zuzen ere. egia handiak eta borobilak azaltzen dira hor eta horiekin  koherente izatea da gako nagusia.

Egileak berak esaten digu ibilbidea ez dela erraza eta egia da, baina askok eta askok ahaztua duguna/dutena, eta oso garrantzitsua,  ere badiosku, hauxe:  erorikoak eroriko eta huts egiteak huts egite bidean ere gozatu egin behar da, helburuak lortu ahala, beste  helburu batzuk jartzen eta lortzen aurrez lortutakoak lagunduko digulako, helburuak inoiz amaitzen ez direlako, beti dagoelako zer ikasia eta zer lortua; beraz, beti bidean gabiltzalako gozatu behar da bidean.
Finean, irakaskuntza-eremutik harago ere irakurri beharreko liburua, alaia, freskoa…  euskarak eta euskaldunon behar genuen eta dugun liburu bat. Askorengana iritsiko ahal da!
                                                                                                                                                Iñaki

Paulo Iztuetaren hausnarketa Goza daiteke gehiago liburuaren gainean

Karmelo Ayesta egilea bere liburuarekin etorri zitzaidanean, “nola zatoz guregana?” galdetu nion. Nik ez dakit irakurria zuten ala ez beren eskuetan izan zutenek, agian bai agian ez, baina urre pitxi bat galdu zuten. Bere txikian ez baitu ezer galtzekorik. Zer pentsatua ematen duten hainbat eta hainbat pasarte dakartza. Eta guztia herri-hizkuntzatik jasotako euskara gozo, argi eta dotorean. Irakurtzean garai batean hainbeste gozatu izan nuen Arratiako berbeta sendoa zetorkidan gogora, mendi-usainez gantzutua.
Karmelok, antza, ez dauka bere burua idazletzat, ez omen du literatur testu bat idatzi, baina eman duen mezua literaturazko prosa batean eman du. Izan ere, askotan ahazten dena, liburuak egiten du idazle, ez soilik izenak.
Izenburuak berak iragartzen duen bezala, nola ez bada, euskara erabiliz, mintzatuz, “goza daiteke gehiago”, mila bider gehiago. Bere herri-mailako bizipenak jasoz eta, bidenabar, iturri gehienbat ingelesak aipatuz, handik eta hemendik euskaraz jarduteko arrazoiak pilatzen dator, batzuetan euskaldunon zabarkeria agerian jarriz, gure eskuetan dagoena ere egiten ez dugulako, eta beste batzuetan, berriz, euskararen erabilera hobetzeko proposamenak emanez.  Haren xedea, azken batean, euskaldun zahar eta berriak beren eguneroko bizimoduan, etxean bezala kalean eta lantegian, beren hizkuntza erabiltzera bultzatzea da. Ederki esana. Beharrezkoa dena. Oinarrizko zerbait.
Ikuspegi funtzionalista horrek alboratzen baditu ere hizkuntza guztiek dituzten sakonagoko beste estruktura-alderdi batzuk -egileak, bestalde, ondo ezagutzen dituenak-, saio honek ez du batere interesik galtzen euskararen egungo egoerari buruz egiten duen diagnosian eta proposatzen duen terapian. Gure eskuetan dagoen guztia egin dezagun, saia gaitezen amorratuki, aholkatzen digu Baina konbentzi gaitezen, halaber, euskara nonahi eta noiznahi erabilia izan dadin, gurean erdaldunduak dauden gizarte-egiturak ere euskaldundu beharra. Gaurdanik hasita.  Hor hizkuntzen arteko gatazken mugan sartzen gara eta beldurra ematen digu. Honetaz ere kontzientzia kolektiboa eratzen joan beharko du gure hizkuntza-komunitateak. 

Paulo Iztueta


Karmelo Ayesta-ren “ GOZA DAITEKE GEHIAGO Euskaldun baten hizkuntza-bidaia” liburua heldu zait eskuetara eta irakurtzen hasi bakarrik ez, irakurtzen hasi eta bukatu arte esku-begietan izan dut eta bihotzeraino heldu zait bertoko mezua eta idazteko modua. Liburu hau, arnasa berria da gaurko euskaldunentzat. Karmelok euskal munduko gauza garrantzitsuak modu errazean eta euskara bizian idazten ditu, gozotasunez beterik etorkizunari begira. Euskarak egiten gaitu euskaldun eta hizkuntza da bizitzaren ispilu. Euskarari zor diogun maitasunezko joera gozoa adierazten digu Karmelok liburu honetan. Mezu esanguratsua hor dago, orain eguneratu eta bizitzaratu egin behar dugu mezu hori etorkizuneko euskararen aberasbidean. Zorionak eta eskerrik asko Karmelo euskarari bizipoza emotearren. “ Hasiak egina dirudi eta eginak urregorria” eta gerora “ denborak agertuko digu elurra mendian”. Hala biz.

Juan Manuel Etxebarria Ayesta
Euskal Filologian doktorea
Deustuko Unibertsitateko irakaslea
Euskaltzaindiakoa
Etnografian Etniker taldekidea
Idazlea
Bart gauean amaitu neban idatzi dozun maisu-lanaren lehenengo irakurraldia, eta lehenengoa dinot, barriz be irakurri behar dodalako. 
Ikaragarri gustatu jat, lan mamitsua, ondo dokumentatua, adibidez hornitua, zer pentsatua eragiten dauana. Gainera, erraz irakurri eta ulertzen dan euskara aberatsean.
Osagai guztiak biltzea lortu dozu; horregatik bada, laburra egin jat.
Beno, beste barik, euskaraz bizitzeko ekinari gogor eutsi eta halako ekarpen gozagarriak egiten jarraitu egizu.
GOZA DAITEKE GEHIAGO.

Aldaketa sakona da hizkuntz ohitura berria barneratzea. Batzuetan pentsatu izan da gaitasuna lantzea nahikoa dela euskararen erabilera sustatzeko, baina erabilerari buruzko datu estatistikoek agerian jarri dute bide berriak jorratu beharra dagoela. Liburu hau, batez ere, euskalduntzearen gaineko hausnarketa da; gogoeta berria, freskoa, burutsua, eta argia.

Ur sakonetan murgiltzen gaitu liburuak hasiera-hasieratik. Defendatzen duen tesia da harremana dagoela euskaraz bizitzeko motibazioaren eta norberaren balioen artean. Hiru dira, euskara sustatzeko, autoreak proposatzen dituen balioak: integritatea, asertibitatea, eta erantzukizuna. Integritatea “esan eta izan” dela diosku, eta, integritatez biziz gero, ezin dela norbera euskalduna dela esan eta euskaraduna ez izan. Asertibitatea, berriz, barruan daramaguna adieraztea da. Autorearen iritzian, euskara erabili ezean, gure euskaltasuna ostendu egiten dugu eta, beraz, faltsutu gure izaera; asertibitateak euskaldunoi euskara erabil dezagun eskatzen digu. Hortaz, euskaldunok gara euskararen erabilera-mailaren erantzule. Errua besteei botatzeak ez du laguntzen, ardura besteengan jarrita zalantzan jartzen baitira norberaren ahalmena eta askatasuna. Autoreak dio, dagokigun erantzukizuna onartu ezean, gureak egin duela.

Baina liburu hau ez da hausnarketa hutsean geratzen, Izan ere, aldi berean, erabilera sustatzeko proposamena ere bada. Horretarako, hainbeste landu den soziolinguistikako ikuspegitik urrunduta, hainbat jakintza-arlotako ideiak hartu ditu autoreak. Azken finean, hizkuntz ohitura berria barneratzea hobetze-prozesua baino ez da, autorearen iritzian.

Teoriak probatzeko, bere buruarekin esperimentatu du autoreak, eta bizipenak narrazioen bidez azaltzen ditu. Euskararen gaineko hainbat aurreiritzi topatu ohi dira euskalduntze-bidean. Horiei azala kendu, eta mamia ustel duten edo ez ikusten da liburuan. Batzuetan, aurreiritziok iraungitako usteak baino ez dira; beste askotan, gezur hutsa. Liburuak aurreiritzion gaineko hainbat gogoeta eskaintzen ditu, eta hizkuntzak kohesioarekin eta profesionaltasunarekin dituen loturak, hizkuntzaren erakargarritasuna, eta euskara eta abertzaleen arteko harremana dira hausnarketa-gai.

Erraz ulertzeko moduan dago idatzita liburua, ideiak oso argi azaltzen dira, eta narrazioek mamia barneratzen sano laguntzen dute. Bere laburrean, liburu sakona eta indartsua, irakurlea hotz uzten ez duen horietakoa.

(Liburu fitxa: Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia. Karmelo Ayesta, 2014. Arg.: Utriusque Vasconiae)